TESTU IRUZKINA 11 EUSKALDUN BATZOKIJAREN ESTATUTUAK 11 TESTUA
TESTU IRUZKINA 11. - EUSKALDUN BATZOKIJAREN ESTATUTUAK
11. TESTUA. EUSKELDUN BATZOKIJAREN ESTATUTUAK (1894) 1 artikulua: Euskeldun Batzokija izenarekin, (…) Bizkaiko Jaun Goikua eta Lagi-Zarra leman jasotako doktrinen jarraitzaile diren herritarren arteko batasun eta adiskidetasun loturak sortzea helburu duen aisiarako zentroa sortu zen Bilbo hirian. 2. artikulua: Behin Bizkaiko Elkarte Nagusia sortzen denean, Bizkai-Batzar deituko dena Arana eta Goiri-tar Sabinok idatzitako estatutuak izango dituena, Euskeldun Batzokija haren mende geratuko da (…). 3. artikulua: Jaungoikua. Bizkaia katolikoa, apostolikoa eta erromatarra izango da bere barruko bizitzako adierazpen guztietan eta gainerako herriekiko harremanetan. 4. artikulua: Lagizarra. Bizkaia askatasunez birsortuko da. Foru izeneko bere lege tradizionaletan jasotako funtsezkoena osotasunean berrezarriko du. Gure arbasoen usadio eta ohitura onak berrezarriko ditu. Erabat ez bada ere, gehien bat, euskal arrazako familiez osatuko da. Euskara izendatuko du hizkuntza ofizialtzat. 5. artikulua: Eta. Ordena erlijiosoaren eta politikoaren eta gauza jainkotiarren eta gizatiarren arteko harmonia perfektuaren eta adostasunaren gainean ezarriko da Bizkaia. 6. artikulua: Jaungoikua eta Lagizarra bereiztea. Ordena erlijiosoaren eta politikoaren, eklesiastikoaren eta zibilaren arteko bereizketa argi eta markatuaren gainean ezarriko da Bizkaia. 7. artikulua: Jaungoikua Lagizarraren aurretik jarriko da. Politikoak erlijiosoarekiko eta Estatuak Elizarekiko erabateko eta baldintza gabeko mendekotasunaren gainean ezarriko da Bizkaia. 8. artikulua: Bizkaia, bere arraza, bere hizkuntza, bere fedea, bere izaera eta bere ohiturak kontuan hartuta, Araba, Nafarroa Beherea, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoaren arreba izanik, sei herrialde horiekin elkartu edo konfederatuko da Euskalerria izeneko (Euskeria) multzoa osatzeko, baina bere autonomia partikularra batere murriztu gabe. (…). Bizkaitarra (Bilbo), 1894 -05 -24
A) Testuaren sailkapena: Testu mota: Lehen mailakoa, juridikoa, izaera politikoaz. Non eta noiz idatzia: Bilbon, Bizkaitarra astekari nazionalistan. 1894 ko maiatzaren 24. Egilea: Sabino Arana “Arana eta Goiri-tar Sabinok idatzitako estatutuak izango dituena…” Nori zuzendua eta xedea: Bizkaitarra astekarian argiratzeak erakusten digu nahiz eta Euskaldun batzokiko kideei zuzendua egon, baduela proiekzio publikoa programa politiko bat den heinean.
B) Testuaren funtsezko ideiak azpimarkatzea. -Euskaldun Batzokiya izenarekin Jaungoikoa eta Legi-Zarra leloaren jarraitzaileak elkarte bat sortuko dute. (1 go artikulua) - Bizkaia katolikoa, apostolikoa eta erromatarra izango da bere adierazpen guztietan. (3. artikulua) -Bizkaiaren helburua foru edo lege tradizionalen berrezartzea izango da. Bizkaia nagusiki, euskal arrazako familiez osatuko da. Euskera bere hizkuntza ofiziala izango da. (4. artikulua). - Jaungoikoa eta Lagizarra bereiziko dira, ordena erlijiosoa politikoaren gainetik egongo da. (5, 6. eta 7. artikulua) - Bizkaia, Araba, Nafarroa, Gipuzkoa, Lapurdi, Benafarroa eta Zuberoarekin elkartu egingo da konfederazioa bat sortuz Euskalerria izenarekin. Bizkaiak bere autonomia partikularra izango du. (8. art. ).
C) Testua dagokion prozesu historikoan txertatu Testua Sabinoa Aranaren proiektu politikoarekin erlazionatzen da. Honen sorreran eragin zuzena izango zuten foruen abolizioak eta Bizkaian industrializazioak eragindako aldaketak, hori dela eta foruen berrezartzea eta iraganeko gizartea aldarrikatuko ditu integrismo erlijiosoan eta euskal arrazaren jarraipenean oinarrituko dena. Ideia hauek hainbat artikuluetan eta Larrazabaleko diskurtsoan gauzatuko dira, eta Euskaldun Batzokiyaren sorrera lehenengo urratsa izango da bere ideologia, proiektu politikoa bihurtzeko. Elkartea 1894 an sortuko da eta bere estatutuetan artikuluetan Sabino Aranak bere ideologia jasoko du: foruen berrezartzea, integrismo erlijiosoa, aginte politikoa erlijiosoaren menpe jartzen duelako, arrazismoa Bizkaia famili euskaldunez osatu behar delako, zazpi probintzien konfederazioa… Nahiz eta hurrengo urtean elkartea itxi, urte horretan EAJ Alderdi Nazionalista sortuko da Sabino Aranaren ideologian oinarrituta. Sabino Aranak sortutako alderdia, bere joera eta zatiketekin euskal nazionalismoaren sortzaile eta Euskal Herriko alderdi garrantzitsuena izango da gaur egunerarte. Alderdiaren ideologian une honetan Sabinoren ideia oso kontserbadoreak nagusituko dira, baina Ramon de la Sotaren enpresa buruen sarrera alderdian, burgesiaren sarrera suposatuko du, ondorioz alderdia pragmatikoagoa bihurtuko da, independentismoaren aurrean autonomia aldarrikatuko dute. Bi joera hauek gaur egunarte mantenduko dira: erradikalago eta independentista bat, pragmatikoa eta autonomista bestea.
D) Adierazi testuak duen garrantzia, testua sortu zen garai historikoa ulertzeko. Testua garrantzitsua da alde batetik euskal nazionalismoaren sorreraren lehenengo urratsa izango delako eta baita bertan garbi agertzen delako lehen nazionalismoaren ideologia bere sortzaile Sabino Aranaren ideologian oinarritua. Euskal nazionalismoaren antolaketa politikoa hasiko da batzokiyarekin, Eusko Alderdi Jeltzalearen sorreraren oinarria izango dena, Euskal Herrian nagusi izango den alderdia bereziki 1931 tik aurrera.
- Slides: 6